XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta nire begiak ez al dizute ezer esaten oraindik? Gizon aldakorrak!

- Entzun, txiki, ezta berdin.

Arekin ez dut besterik egin, bein itz baizik.

Zurekin, itz eta geiago.

Ura baiño geiago zera gaur zu niretzat, Loli.

Ura, utsa da, lillura.

Zu, aragia zera.

- Aragia bakarrik, Manu? Eta besterik ezer ez al dut?

Urtearen azkeneko astea eldu zanean, bere erritxora joan zan Loli, kanpoko edertasun eta bikaintasunik ikusi ostean; eta auek eman oi duten atsegin, gogobetetze eta buru-azkartasuna somatu ondorean, berriro eldu zan bere sorleku apalera, Bilbon lendabizko egadak egindako txori leen bakun eta gurbilla.

Ez zan itzuli bere kabi aldera, andik atera zan bestean, oso eta ukigabe; ez.

Egada nabar eta nabarmenak egiña zan ordurako, iri aundian aurkitu zuan gabirai aura zala-ta.

Sibilia, Granada,
Madril, Toledo...
Kanpoak ikusi ta
etxera gero...
.

Erriko jende apal eta jatorrak ez zien ezer somatu ere egin, iri aundian urte bete inguru bizi izan zan neskatxa ari.

Apaiñago zegoala, jantziago, dotoreago, besterik ez.

Neskatxak, beuren eta aren aldea, aundia eta nabarigarri zala esaten zuten.

Andereño biurturik itzuli zara errixkara; señorita egiñik, alegia.

Aren idurira egingo zituzten soiñekoak, aurrerantzean.

Obeki esan, ark berak egingo zizkien modako jaztura panpoxak; gerria gorago, gerria beerago; batean luze, bestean motxago.

Ez zuten izango erbestera joan bearrik.

Errirako mesedea zan.

Neskatxentzat gogo betetzea.

Mutillak, ordea, beste iritzi bateko ziran, batez ere, soldaduzka egiñik etxera biurtutakoak.

Eta oien artean, lege ori Bilbon bete bear izan zuten batzuk.

Oietarikoak, bein baiño sarriago ikusi izan zuten Loli gazte txairo baten besondotik; beste batzuetan, belbillean sartuta, orduan ere gazte bera izaten zuan lagun.

Iñoiz, bakarrik ere bai; baiñan orduan erriko mutil ezagunai Loli-k jaramon askorik ez, kasu gutxi eta aurrera.